Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia

Iragandako ekitaldia

Kursaal

55 €

Pat Metheny: Side Eye Jazzaldia

Pat Metheny (gitarra), Chris Fishman (pianoa, organoa, teklatuak), Joe Dyson (bateria)

Pat Metheny azken hamarkadetako karisma handieneko Jazz gitarristetako bat seguruenik, izar distiratsuenetako bat Jazzaren izarrartean. Eta bere proiektu berriei arretaz jarraitzen dien publiko leial bat da berea. Teknologia berriak erabiliz eta etengabe lanean, Methenyk berrasmatu egin du Jazz gitarraren soinua, eta hala lortu du instrumentu horren potentziala garatzea. Methenyren moldakortasunak ez du parekorik; hainbat pieza konposatu ditu gitarra solo, orkestra handi, balet eta talde txikietarako; hori guztia era askotako estilotan: rock musikatik klasikora, Jazz garaikideenetik igarota, jakina.

Sari ugari jaso ditu, horien artean nabarmentzekoak dira bere 20 Grammyak, 12 kategoria desberdinetan; musikari bakarra da halako zerbait lortzen. Gainera, 1977an eratutako Pat Metheny Group bere banda txalotu eta eragin handikoarekin, gitarrista iparramerikarrak 7 Grammy lortu zituen elkarren segidan; ez dago beste artistarik mugarri hori erdietsi duenik.

Pat Metheny 1954an jaio zen Kansas Cityn, musikan ziharduen familia batean. Hortaz, ez da harritzekoa 8 urte besterik ez zituenean tronpetan aritzea eta geroago, 12 urte zituenean, gitarran. Dagoeneko 15 urte zituenerako bere hiriko Jazz musikari handienekin jo ohi zuen; hala, sekulako esperientzia bereganatu zuen oso gaztetandik. 1974an nazioarteko eszenara eman zuen saltoa, 20 urte bete berri zituenean. Gary Burton bibrafonistarekin elkarlanean emandako hiru urtetan zehar hasi zen bere estilo bereizgarria irmotzen, exekuzio leun eta malgua, sentsibilitate erritmiko eta harmoniko nabarmena, eta interpretatzeko eta inprobisatzeko oso ikuskera modernoa erakutsiz, baina betiere Kansas Cityn arnastu izan zuen Jazzean eta bluesean erroak sakon sustraituta.

Bere ibilbidean zehar Methenyk era askotako artistekin batera jo eta lan egin izan du, besteak beste, Steve Reich, Ornette Coleman, Herbie Hancock, Jim Hall, Milton Nascimento, David Bowie, Lyle Mays eta John Zornekin.

Methenyk musika irakasten dihardu gainera. 19 urte besterik ez zituenean irakasle gazteena zen Bostongo Berklee College of Music famatuan; bertan, honoris causa doktore izendatu zuten 1996an. Tailerrak eman ditu hainbat lekutan, Asiako eta Hego Amerikako akademietatik hasi eta Holandako Errege Kontserbatorio edo Thelonious Monk Institute of Jazzeraino.

Methenyk bizitza erdia eman du birak egiten; 120tik 240ra emanaldi egin ditu urteko, 1974az geroztik. Bere ibilbidea hasiera-hasierako gogo berarekin jarraitzen du oraindik ere, bere ikusmolde artistikoak aditzera emanez eta, gainera, beti artista emergenteak ezagutzera emateko ahaleginak eginez.

Kursaal Auditorioan emango duen kontzertu honetarako, Methenyk bere azken proiektua aurkeztuko digu: Side-Eye. Zuzenean grabatutako Side-Eye NYC – (V1.IV) (2021) diskoarekin eman zion hasiera proiektu honi: sartu eta ateratzeko aukera duen txandakako musikari talde bat, plataforma bat, txandakatzen doazen musikarien gazteez osatua. Pat Methenyren pieza berriez gain, bere konposizio zaharren berrinterpretazioak eskaintzen ditu Side-Eye proiektuak.

Methenik, gazte zenean, musikari kontsakratuengandik jasotako babes hura eman nahi die orain egundo musikari gazteei, berak dioen bezala: “Kansas Cityn eman nituen hasierako egunetatik aurrera, mesede handia egin zidaten musikari nagusi askok ni kontratatzean. Horrek eman zidan aukera, haien esperientzien ikuspegitik eta haien musikaren eskakizun berezietatik, nire ibilbidea garatzeko”.

Sormen oso bizia eta agortezina erakutsita, musikaren arloko aurkikuntzen etengabeko bidaia batean, jeinu honen ezaugarri nagusietako bat hauxe da, egiten duen guztian erakusten duen konpromiso eta kalitate maila iraunkorra. Guztiz elektrikoa izan, sutsua zeharo, edo kontenplaziozkoa erabat, konposizioak interpretatzen ala erabateko modu inprobisatu batean jotzen, edo berak propio diseinatutako tresna berritzaileren batekin, bere musikari beti dario Methenyren sentsibilitate berezi hori, ia bost hamarkadaz Jazzaren aitzindaritzan egon den musikari paregabe baten sentsibilitate aparta. Side-Eye da etengabe garatzen diharduen Methenyren historia luze bezain arrakastatsuaren azkeneko kapitulua.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...