Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia

Marco Mezquida (pianoa, Hauptwerk organoa), Juan de la Rubia (Hauptwerk organoa, pianoa)

Bach & Forward Juan de la Rubiak eta Marco Mezquidak teklatuetan inprobisatutako kontzertu bat da. Biak, inprobisazioan aditu handiak, pianoan eta organoan elkarri erantzuten eta desafio egiten diote, J. S. Bachen figuraren inguruan, berdinik ez duen esperientzia zoragarri batean. Beren inprobisazioa ezagutzatik eta errespetutik abiatzen da eta horrela berrinterpretatzen dute Bach bi teklista handiek, haren musikarekiko maitasunetik.

Ikuspegi desberdinetatik ‒Jazzari lotuagoa Mezquidarena eta klasikoagoa Juan de la Rubiarena‒zeharo konplexua den egitura bat eraikitzen dute bakarlariek, non ahots kantaria elkarri pasatu eta trukatzen dizkioten instrumentuak.

Bartzelonako Familia Santuko organista titularra, Juan de la Rubia inprobisazioko irakaslea da ere Catalunyako Musika Eskolan (ESMUC), eta organista ospetsuenetako bat Espainian eta Europan.

Inprobisatzaile bikain honek etengabe jardun du lanean azken urteotan; mundu osoan ospe handia duten auditorioetan aritu da, orkestra sinfoniko garrantzitsuekin eta izen handiko zuzendariekin.

Kontzertu honetan, Juan de la Rubiak Hauptwerk organoa joko du: ahalmen handiko software bat, munduko organorik onenen soinuak leialtasunez erreproduzitzen dituena, lagindutako organoen hodi bakoitzaren soinu grabatuan oinarrituta. Soinu dardarkaria, dinamikoa eta oso errealista da emaitza.

Marco Mezquida pianista eta konpositore menorcarrak, 35 urterekin, lanen eta sarien katalogo izugarri handi bat du bilduta dagoeneko, artista askorentzat bizitza osoko obra izango litzatekeena. Mezquida, orain kultuzko musikaria nazioartean, erraz egokitzen den inprobisatzailea eta moldatzailea da, pianista birtuosoa eta kamaleonikoa, eta konpositore inspiratua eta gailena.

Mezquidak hogei disko grabatu ditu lider gisa edo lider kide gisa, eta berrogei disko baino gehiago proiektu ugaritako sideman edo kolaboratzaile gisa. Bere kontzertu jarduerak bizkor egin du gora eta, hala, mundu osoan zehar jo du auditorio garrantzitsuetan eta Jazzaldietan, besteak beste, Tokion, Londresen, Bartzelonan, Buenos Airesen, Hong Kong Arts Festivalen eta, nola ez, gure Jazzaldian, non 5 ediziotan aritu den dagoeneko.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...