Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia

Enrico Rava Fearles Five

Enrico Rava (fliskornoa), Matteo Paggi (tronboia), Francesco Diodati (gitarra), Francesco Ponticelli (kontrabaxua), Evita Polidoro (bateria)

Enrico Rava mundu mailan gehien ezagutu eta nabarmentzen den Jazz musikari italiarra da. 1960ko hamarkadan nazioartean berehalako ospea lortu ondoren, tronpetista eta konpositore italiarra, sei hamarkadako ibilbide profesionala egina duena, irmo mantendu da musikari aktibo eta geldiezinenen artean, proiektu original ugaritan murgildua eta beti Jazz tronpeta bakarlari handienetako bat. Rava generoen eta estiloen muga tradizionaletatik kanpo mugitzen den musikaria da, konbentzioei ihes egiten diena. Bere soinua berehala da bereizgarria. Bere musikaren jario etengabeak ideia zeharo originalak zeharkatzen ditu maiz.

Ravaren diskografia zabalean altxor artistiko bikainak daude bilduta, besteak beste: Enrico Rava Quartet (1978), Rava lʼopera Va (1993), Easy Living (2004), Tati (2005), The Words and the Days (2007), New York Days (2009), Katcharpari (2017) eta bere azkeneko lana, The Song Is You (2022).

Lider gisa egiten duen lanaz gain, Rava Europako eta Amerikako musikari ospetsuenetako askoren kolaboratzaile garrantzitsua izan da, adibidez: Franco D'Andrea, Stefano Bollani, Massimo Urbani, Gato Barbieri, Philip Catherine, Lee Konitz, Aldo Romano, Charlie Haden, Joe Henderson, John Abercrombie, Palle Danielsson, Jon Christensen, Nana Vasconcelos, Miroslav Vitous, Daniel Humair, Michel Petrucciani, Charlie Mariano, Joe Lovano (harekin batera laukote baten liderra izan zen 1990eko hamarkadaren hasieran), Albert Mangelsdorff, Dino Saluzzi, Richard Gallliano, Martial Solal, Archie Shepp, John Taylor, Paul Motian, Mark Turner, etab.

Bere ibilbidean zehar Ravak musikari gazteak sartu izan ditu eratu dituen taldeetan, beren hastapenetan babesa emanez, ondoren, garatzen eta hazten jarrai zezaten beren bidetik jotzeko.

Edizio honetakoa Triesteko musikari beteranoaren bosgarren emanaldia izango da Jazzaldian. Oraingoan, Ravak bere azkeneko proiektua eskainiko digu, The Fearless Five, lau artista emergente italiar bikain lagun dituela.

David Helbock's Austrian Syndicate

David Helbock (Rhodes, sintetizadoreak), Peter Madsen (pianoa), Raphael Preuschl (baxua, bassukulelea), Herbert Pirker (bateria), Claudio Spieler (perkusioa)

Jazz pianista Peter Madsen estatubatuarrak ibilbide luzea eta arrakastatsua du egina; 40 urte baino gehiago profesional gisa lanean. Bere aurreneko mugarri nabarmena 1987an izan zen, Stan Getzek bere bandan sartu zuenean Estatu Batuetatik eta Europatik bira bat egiteko. Harrezkero, Madsen musikari gailenekin aritu izan da: Benny Golson, Stanley Turrentine, Chris Potter, Joe Lovano, Kenny Garrett, Dewey Redman, Don Cherry, Fred Wesley, Maceo Parker...

2001ean, Madsen denboraldi batzuk New Yorken eta beste batzuk Vorarlbergen (Austria) hasi zen bizitzen. Voralbergen, hain zuzen, David Helbock ezagutu zuen, 16 urte besterik ez zituenean zegoeneko pianorako aparteko talentua erakusten hasia. Hala, Helbocken maisu, mentore eta lagun bihurtu zen Madsen.

Urteak joan ahala, David Helbock austriarra, prestakuntza klasikoa jasotakoa, ospe handiko pianista eta konpositore zeharo interesgarria bilakatu da; ezin konta ahala sari jaso ditu pianista gisa, eta 20 album baino gehiago argitaratu ditu lider gisa.

Austrian Syndicate proiektu berri bat da, handia, David Helbocken bihotzaren barne-barnetik irtendakoa. Bertan elkartu egiten dira ikaslea eta maisua, adiskidetasunak bat eginda, eta Austriako Jazzaren hiru musikari gazte lagun dituztela: Raphael Preuschl eta Herbert Pirker, biak Vienan 20 urtez geroztik kolaborazio eskaera gehien jasotzen duten baxu eta bateria duoa, eta Claudio Spieler, gaztetan Hakim Ludin maisu afganiarrarekin ikasitako perkusionista.

Taldeak 2023aren hasieran grabatuko du bere aurreneko albuma, eta ACT Music zigiluak urtearen erdialdera argitaratuko du. Hala, lan hau izango da Trinitate plazan aurkeztuko digutena; teklatu, sintetizadore, erritmo eta perkusioez gaua blaituko duten bost musikari bikainek emango duten kontzertua.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...