Hizkuntzak
Dorian Futuros imposibles
Marc Gili (ahotsa, gitarra), Isabel Hernández (teklatuak, ahotsa), Lisandro Miguel Montes (gitarra, teklatuak), Bart Sanz (baxua)
Zenbait musika-talde, urteak igaro ahala, hauspotu egiten dira; Dorian horietako bat da, zalantzarik gabe. Futuros imposibles albumari darion kalitateak, indarrak eta biziak harrapatu eta liluratu egiten ditu entzuleak lehendabizikoz entzuten dutenetik, eta behartu egiten ditu arretaz entzutera ezin hunkigarriagoak diren hamar abestiak.
Albuma izaera konfesionalekoa da, gordina erabat, eta zuzena letretan. Marc Gili taldeko kantari eta letra-idazleak azken urteetako bere esperientzia eta hausnarketa sakonenetako batzuk jaso ditu letretan argi eta garbi. Esperientzia autobiografikoak, bai, baina baita ezin unibertsalagoak ere; tartean, zenbait lagun hil eta desagertzea gauaren alde ilunean (Lo que recuerdo de ti), bikotekidearekin amaitzearen oinazea (Algo especial, Elegía) edo taldeak berezkoa duen existentzialismoa (El sur, A contraluz, Una noche más). Horiek guztiek iruditeria eder baina lazgarria osatzen dute, eta, horiekin, bueltan dugu azken urteetako ereserki boteretsuenetako batzuk sortzeko gai izan den Dorian.