Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

2020 maiatzak 7 • 12:00

Hizkuntza: euskara

Patxi Zubizarreta, idazle Patxi Zubizarreta, idazle

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

Trena eta zu

Azken asteotan ezin izan naiz Gasteizko hirigunera hurbildu, ezin Dato kaleko Ibiltaria eskulturari eskutik heldu. Juan José Eguizábalen silueta luzangak Giacomettiren Dabilen gizona oroitarazten du, baina egunotan niri batez ere pasadizo bat ekarri dit gogora.

1915eko eguberri aurretxoan, hamalau urteko mutiko batek oporrak hartu zituen barneko ikasle zegoen Schierseko ikastetxean. Lehenengo aldiz, bakarrik abiatu zen etxekoengana eta tren aldaketa bat baino gehiago egin behar izan zuen. Coira herrian beste tren bati itxaron bitartean, liburudenda batean sartu zen eta, bertan, Rodin eskultoreari buruzko liburu ilustratu batek egundoko liluramendua eragin zion. Alabaina, gazteak Saint-Moritzeko ostaturako eta handik Stamparako posta lera ordaintzeko dirua besterik eduki ez, hau da, liburuaren prezioa hortxe-hortxe... Hala ere, ez zuen zalantzarik egin: Rodinen alde egin zuen. Sosik ez, baina liburukote preziatua aldean eraman zuen Saint-Moritzera eta, mendirik mendi, elurretan, Stampako etxera. Horra Giacometti, dagoeneko, hamalau urterekin, ibili dabilen gizona. Geroago, artistak 1947an eraiki zuen zanbuluka doan gizonaren eskultura, Bigarren Mundu Gerratik nola edo hala onik irten zirenak gogoan.

Bitxiak izan ohi dira oroitzapenen eta burubideen arteko loturak, baina pasadizo hori gogoratu dut seguruenik ni ere halako nahasmendu batetik onik irten diren pertsonen antzera sentitzen naizelako —eta pribilegiatua ere bai: azken aldian utzi gaituzten edota gorriak eta beltzak ikusi dituzten pertsonen aldean—; pasadizo hori oroitu dut berriro ere egunerokotasunaren trena hurbiltzen sumatzen dudalako eta dagoeneko erabakiak hartzeko beharra sentitzen hasia naizelako —lehengo normaltasunera itzultzea ez al da gure arazo nagusien oinarrizko gaitzetako bat?—; pasadizo horrek jadanik nire egoera eta jokamoldea Rodinen beraren antzera birpentsatzera narama —kritikoki, autokritikoki.

Datozen asteetan, argi dut, ahalik eta azkarren itzuliko naiz Dato kaleko eskulturan neure burua islatua ikustera, eta zalantzarik ere ez nik: liburuaren eta, oro har, gizartearen alde egingo dut egoera asaldagarri honetatik irten, eta aurrera egin nahi dudalako, zanbuluka bada ere.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...