Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

2020 apirilak 27 • 12:00

Hizkuntza: euskara

Arantxa Urretabizkaia, idazle Arantxa Urretabizkaia, idazle

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

Nor zaren jakiteko testa

"Zeure burua babesteko, gorrotoa erein".
"Arrazoi duzula adierazteko, arrazoia galdu".
"Libre zarela frogatzeko, men egin".
"Norberaren adierazpen askatasuna defenditzeko, bestea mututu".
"Zubiak aipatu eta lubakiak zulatu".
"Garbi zaudela sentitzeko, bestea zikindu".
"Berdintasuna aldarrikatu eta bazterkeria bultzatu".
"Elkarbizitza sendotzeko, arerioa etsai bilakatu".
"Suntsitutako zubien harriak harresiak eraikitzeko erabili".
"Irainak ekiditeko, iraindu".
"Bortxari kontra egiteko, eraso egin".
"Bakearen izenean armak prestatu".
"Tradizioa defenditzeko, tradizioa traditu".
"Argiaren defentsan begiak itxi".
"Egiaren izenean gezurrak zabaldu".
"Norbait zarela sentitzeko, bestea gutxietsi".

Irakurri arretaz esaldiok eta erantzuna neurtu. Esaldi batekin guztiz bat bazatoz, jar itzazu ondoan hiru puntu; bi, esaldiak zure ohiko jokaera nola hala adierazten badu; bat, antzekotasuna txikia bada; zero esaldiak zurekin zerikusirik ez badu.

Horrela banan bana, zero, bat, bi, hiru. Lana bukatutakoan, batu emaitzak zenbaki bakarrean. Batuketak berrogeita zortzitik zerorako bidea osatuko du, zuria, beltza eta grisaren ñabardura guztiak.

Eskolako matematikak ahaztuta badituzu ere, aise ulertuko duzu zuria zeroari dagokiola, berrogeita zortzia beltzari. Hartu arnasa lasai emaitzaren esanahiari aurre egin aurretik, birritan hiruko asko jarri badituzu.

Zenbatutako puntuak zerotik hamabira badoaz, etxera eramateko moduko pertsona zara, beti ere esaldi bakoitzari eman diozun erantzuna benetakoa bada.

Hamabitik hogeita laurako tartean bazaude, arindu bihotza, zintzoen ondoan jar zintezke, amildegitik hurbil baina arriskurik gabe oraindik.

Hogeita lautik hogeita hamaseira batu badituzu hasten da arriskua, zaila duzu amildegiari ihes egitea, zaila, baina ez ezinezkoa.

Hortik aurrera galbidea dator eta sendabide bakarra gezurra da. Aukeratu zure barruko beltza zurituko duten hitzak eta hautsi, txirtxilatu arte, emaitzak azaltzen dituen papera, inork ikus ez dezan.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...