Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

2020 maiatzak 1 • 12:00

Hizkuntza: euskara

Kirmen Uribe, idazle Kirmen Uribe, idazle

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

Egiantzekotasuna

Pedro Agerre Axular Sarako erretore eta idazleak entzute handia lortu zuen bizian.

Berari buruz gauza asko kontatzen ziren.

Nola Salamancan ikasi zuen deabruaren leizean. Nola ikaskideek aitortzen zuten infernuko maisua bera baino bizkorragoa zela ikaslea. Nola lapurtu zion deabruak itzala, eta nola gerizperik gabe bizi izan zen, heriotzako egunera arte.

Galtzagorrien altzoan Europa erdia hegan zeharkatu zuela, hori ere esaten zen. Erromara hegazkinen abiaduran iritsi eta salbatu egin zuela nor eta Aita Santua, orduan ere deabruaren atzamarretatik. Etxera itzultzean izotza omen zeukan arropan, hegazkinen hegoetako horma.

Kontatzen zen azkenik nola berreskuratu zuen bere itzala, San Juan egunean eta eguerdiz, eta segurua zela bera zerura sartu zela.

Kontu horiek denak esaten ziren gure Axularri buruz.

Eta jendeak denak sinesten zituen, zirkinik egin gabe.

Alabaina, haren arreba ezkongabea haurdun geratu eta etxetik bota zuela, hori ez. Abizena ere ukatu zion, bere fama ez zikintzeko.

Baina hori ez zuen inork sinesten.

Nola egingo zuen ba hori gure Axularrek.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...