Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

2020 maiatzak 5 • 12:00

Hizkuntza: euskara

Iñigo Aranbarri, idazle Iñigo Aranbarri, idazle

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

Armairua

Amonak azken urteetan lo egin izan zuen gelan egon da beti. Lau ate zabal, helduleku urrekarak, tailazko apaingarriak ertzetan. Arreba eta biok ume ginela elkarrekin zapoka ibiltzen ginenean, maiz bihurtzen zen gure ezkutaleku. Ondotxo genekien erraz aurkituko gintuela besteak, baina bertara beti.

Iheszuloak mundua biltzen zuen ate ilun haien atzean. Albo batean, arropa elemenia zintzilik: amonaren astrakanezko beroki ilunak, dozena bat jertse, auskalo norena izan zen gaban handi bat, hamaika soineko beltz, gris, marroi. Eta haiexen azpian, urteetako gortina hark libre uzten zigun txoko bakarrean, gure gordegia. Gainerakoan, ezin nahita ere. Apaletan, oherako arroparekin nahaste, munduko txipi-txapa guztiak bildu zituen denborak, alferrikakoak gehienak, behin han sartuta sekula gehiago ez ateratzera kondenatuak. Tiraderetan, argazkiak kartoizko kutxetan, mahai-tresna erabili gabeak, aurrezki kutxako opari erridikuluak. Usaina zuen nabarmena. Egur onduarena bai, baina sitsen bolena itsasten zitzaigun luzaroan egonez gero bertan.

Ez dakit zergatik ez dugun egundo armairua zakarretara atera, seguru asko beldur garelako, barruan dauden gauza guztiak beste inon gordetzeko tokirik ezean, iraganik gabe geratuko ote garen. Ez dut arrebarekin hitz egin, eta alde batera, hobe horrela. Orain, positiboa naizela jakin eta etxekoengandik aparte bizitzera behartua, antigoaleko besarkada batek estutu nau atea zabaldu dudanean. Sukaldean, ni gabeko mahai bueltan guztiak, eman berri diedan albisteaz ari dira. Kosmonauta sentitzen naiz; beldurra da, ilusioa, bakarzuloaren itzala irribarrean loratu zaidana.

Pandemiak denok erotuko gaituela izan da Soyuzeko ataka itxi aurretik entzun dudan azken esaldia. Urratsak gero eta gertuago, neure izenez deitu naute. Ilunpetan, belaunak tolestu, burua makurtu eta begiak bildu ditut. Hamalau egun baino ez dira izango.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...