Web mapa
Hizkuntzak
Literatura Literatura

2020 maiatzak 4 • 12:00

Hizkuntza: euskara

Yolanda Arrieta, idazle Yolanda Arrieta, idazle

Donostia Kulturak kultur eskaintzari eusteko apustua egin zuen 2020 udaberrian, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian: DK Etxean. Euskal idazle eta ilustratzaileek www.donostiakultura.eus webgunean argitaratzeko propio sortu zituzten kontakizun laburrak bildu zituen eta Koadernoa izeneko egitasmo horretarako idatzitako testua duzue ondorengoa.

1-2

Zirrikituetatik sartu da, xalo, mehe, leun, azaroko egun hitsetan iluntasuna sartu ohi den bezala.

Zirrikituetatik sartu da eta ez du inork ikusi; oharkabean izan da, ezkutuan, gordeta, sekretuak ehuntzen diren abiadan, tik-tak, tik-tak.

Zirrikituetatik sartu da eta arnasa hartu dio aitonari, ahotsa ostu andreari, hitza hustu gazteari eta leihora begira utzi du haurra. "Nora doa denbora?".

Etxeaz jabetu da. Ganbarak astindu ditu, kutxak arakatu, kaxak zabaldu eta armairuak ataldu ditu. Zirrikituetatik sartu eta etxeaz jabetu da, ozeanorik gabeko itsas lainoa bezala. "Nor naiz?".

Eta eguna jan digu. Eta astea irentsi digu. Eta urtaroa bereganatu digu. "Noiz da uda?".

Txoriak eta loreak etxera begira jarri ditu, "zer egiten duzue hor?". Enarak askatu ditu etorbideetan, bitxiloreak areketan, matxinsaltoak parkeetan. "Non daude denak?".

Zirrikituetatik sartu eta zirrikituak utzi dizkigu kalea behatzeko, egindakoa birpasatzeko eta albokoaren atakak eta amarrak zenbatzeko, ordurik gabeko salan. "Zer egingo dugu orain?"

Eta, klak!, gertatu da.

Zerbait itzartu da. Ez da handia izan. Usainak berpiztu eta belarriak garbitu dizkigu. Eta begiak zabaldu, nitik gura. "Ilunabarra balkoian".

Metro eta erdiko ametsen sakontasunean murgildu gaitu eta intentsitateari lekua egiteko txartela oparitu digu, gomuta eta geroa parez pare jarrita. "Banaiz".

Umetako oinetakoen konpasaz akordatu gara, eskuak eta igurtziak apuntatu ditugu agenda berrietan; oinak biluzik, arima hondartzan. "Emango didazu musu bat?".

Izarretako pistak eta estratak marraztu ditugu zeruan, eta agurra idatzi diogu joandako senideari, haurrak lagun hartuta. "Ni ere behin edo behin hil egingo naiz".

Estutasunari platera jarri diogu mahaian; pasioari, platera eta koilara.

Partida ez da bukatu: 1-2 goaz.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...