Hizkuntzak
Elkarrekin Cuarteto Karé + Balaguèra

Musikak jatorri askotako elementu kulturalak uztartzeko aukera ematen du, bertakoak, kanpokoak eta berriak.
Kontzertu honetan Argentinako Karé laukoteak, Okzitaniako Balaguèra taldearen laguntzaz, kantu eta doinu ezberdinak eskainiko dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta gaskoieraz.
Guaranieraz "okerra" esan nahi duen Karé izeneko laukotea 2010ean Rosarion (Argentina) sortutako ahots taldea da. Lau ahots eta gitarra baten bidez, folklore errepertorio zabala eskaintzen dute, batez ere Argentina eta Latinoamerikakoa, soinu originala eta estilo propioa sortuz. Beren ibilbidean bost disko argitaratu dituzte, azkena, Kuña Purahei, iaz. Hirugarrenez ari dira Europan bira egiten; aurrez, 2019an Euskal Herrian izan ziren.
Balaguèra, aldiz, hego haizeari esaten diote Gaskoinian eta izen horixe hartu zuen 1998an sortutako talde honek; Gaskoiniako Piriniotako kantu polifoniko tradizionala eskaintzen duen Bearnoko kantari taldeak. Ahots-forma hori, urte askoan baztertua egon dena, Europako hainbat eskualdek partekatzen duten ondarea da. Gehienean okzitanieraz abesten dute eta kantuek, besteak beste, beren hizkuntzan libre bizi ahal izatea aldarrikatzen dute.
Ondarearen Europako Jardunaldiekin lotutako jarduera.