Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia

Iragandako ekitaldia

Kursaal

50 €

Ben Harper Jazzaldia © Jacob Boll

Ben Harper (ahotsa, gitarra), Adrian “Alex” Painter (gitarra, ahotsa), Darwin Johnson (baxua, ahotsa), Oliver Charles (bateria, ahotsa), Christopher “CJ” Joyner (teklatua), Leon Mobley (perkusioa, ahotsa)

Ben Harper Kalifornian jaio zen, jatorri askotatik etorritako musikarien familia batean. Bere aitona-amonak Claremont's Folk Music Center sortu zuten 1958an; denda-museo bat zen, ezin konta ahala instrumentu, disko, liburu eta artelan biltzen zituena eta Harperrek musikarekin izango zuen harremana markatuko zuena. Bere gurasoak ere musikariak ziren; ama abeslaria eta gitarrista; aita perkusionista. Bere haurtzaroa musikaz inguratua egon zen: soul, folk, reggae, country, blues, R&B, rock, hip hop, Jazz...

Jatorri horiekin eta musikaz blaitutako giro horretan, ulertzeko modukoa da zergatik hasi zen Harper gitarra jotzen eta, oraindik ume bat zela, nolatan murgildu zen blues eta country musikaren sustraietan. Horrela sakondu zuen Blind Willie Johnson eta Robert Johnson bezalako artisten musikan, artista garaikideagoak entzun eta miresten zituen bitartean, haien artean berarengan eragin handia izan duten Bob Marley, Jimi Hendrix eta Taj Mahal.

Klub txikietan laster hasi zen bere musika interpretatzen eta jarraitzaileak erakartzen. Dena den, hainbeste miresten duen Taj Mahal ezagutu zuenean hartu zuen bultzada bere ibilbideak. Bluesman beteranoak, Harperren slide gitarrari darion soinuak miretsita, bira bat egitera eraman zuen berarekin.

Bira hari esker, Virgin zigiluak Harper fitxatu eta handik gutxira iritsi zen kritikak txalotutako bere aurreneko diskoa: Welcome to the Cruel World (1994). Hurrengo urtean, bere bigarren diskoa kaleratu zuen, Fight For Your Mind (1995), testuretan anitzagoa, non slide gitarrak oso presente jarraitzen duen oraindik. Bigarren lan honi esker beste banda eta artista batzuekin jotzeko aukerak iritsi zitzaizkion, haien artean Pearl Jam, PJ Harvey eta John Lee Hooker.

Une hartatik aurrera, Harperrek, berezko ahots propio batekin, etengabe jarraitu du musika sortzen: bakarka; taldeek lagunduta —Innocent Criminals, Blind Boys of Alabama, Relentless 7…—; gonbidatu gisa, eta hainbat talderekin eta artistarekin lanean —John Lee Hooker, Gov’t Mule eta Beth Orton, R.E.M., Radiohead, Jack Johnson, Ringo Starr, Metallica, Mavis Staples, Pearl Jam, The Fugees, Charlie Musselwhite...

Bere estiloa garatzen joan da, bere jakin-minak erabiltzen duen kolore-paleta zabaltzera eraman du, azken batean artista osatuago eta anitzago bat izatera , baina betiere ezaguterraz izateari utzi gabe, bere ahots leun eta hipnotikoarekin, bere gitarra espresibo eta zoragarriarekin, eta kalitatean nekez gaindi daitezkeen bere zuzeneko zirraragarriekin.

Harper konpromiso politiko handi baten jabe da eta hori, batetik, bere proiektu sozialetan islatzen da, eta bestetik, bere abestien letretan, sarritan mezu aldarrikatzaileak helarazi eta gai polemikoei heltzen dietenak, esaterako, arrazen arteko harremanak, ingurumena, politika, bakea, erlijioa…

Harperren azken diskoa, Bloodline Maintenance (2022), bere lagun Juan Nelsonen oroimenez eskainia da; Innocent Criminals taldeko baxua, 2021ean zendua. Harperrek, bere amarekin batera Childhood Home (2014) diskoa argitaratu zuen, oraingoan bere aitarekin duen harremanari buruz hitz egiten digun 2022ko album honekin osatzen du lan hura. Diskoak 11 pieza biltzen ditu, estiloak eta eraginak nahasten bidaia batean barrena garamatzatenak, esklabotasunaz eta arrazismoaz dihardutenak eta giza harremanei zein maitasunari buruz ere hitz egiten dutenak. Honetarako Harperrek 1970eko musikari, Jazzari, bluesari eta soulari lekua ematen die musikari hauen eraginak biltzen dituen disko bikain honetan: Bill Withers, Curtis Mayfield, Marvin Gaye, Sam Cooke eta Ted Hawkins.

Lehenaldian inspiratua, baina orainari zuzenean eta begietara finko begira.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...