Mapa web
Idiomas
Literatura Literatura

29 abril 2020 • 12:00

Idioma: euskera

Xabier Etxaniz Rojo, escritor Xabier Etxaniz Rojo, escritor

Donostia Kultura puso en marcha DK Etxean en la primavera de 2020, durante el periodo de confinamiento por la Covid-19, con el objetivo de seguir apoyando la creación cultural. Este texto forma parte de Koadernoa, programa en el que escritores/as locales crearon relatos breves para publicarlos en www.donostiakultura.eus.

Ohean, ezen ez balkoian

Honek guztiak indartsuago egingo gaitu.

Garazik maiz entzun behar izan du lelo bera azken asteotan. Fakultateko irakasleei zein futbol taldeko entrenatzaileei. Kuadrillako lagunei zein Instagram-eko guruei. Hau guztia bukatzean, indartsuagoak izango gara. Krisi egoeretan ateratzen dugu gure onena. Hobeak izango gara. Hala izango da, hala badiote. Baina coach pertsonal bat behar izatekotan, Garazik pareko gimnasioan irakasle dabilen mutil-katxarroa aukeratuko luke eta ez birus monarkiko bat.

Garazik egunak daramatza Whatsappen bidez iristen zaizkion mezu gehienei jaramon handirik egin gabe. Doazela pikutara memeak. Utikan bideoak eta balkoietan txalo egitera ateratzeko proposamen guztiak. Doazela denak popatik. Behartutako poztasuna latza zaie tristurarako berezko joera dutenei, eta bizitza zer den, Garaziri joera areagotu egin zaio azken asteotan. Hain justu ere, bere hogeigarren urtebetetzearen egunean agintariek itxialdi eder bat oparitu ziotenez geroztik.

Zorionak, Garazi!

Hiltzen ez gaituenak indartsuago egiten omen gaitu. Hori ere entzun behar izan du egunotan. Eta Garazik oso gustu txarrekoa deritzo esakuneari, nahiz eta jakin badakien birusak ez dituela bera bezalako gazte pinpirinak hiltzen. Birus aluak zahar ahulak ditu gustuko. Monarkikoa ez ezik, koldarra ere bada putakumea. Ez, birusak ez du Garazi hilko.

Tristurak akaso bai, baina birusak ez.

Dagoeneko utzi dio egutegiari begiratzeari. Hasierako hamabost egun urrun haien ostean beste hamabost egun are urrunago haiek etorri ziren, eta gero beste hamabost egun are urrunago hauek, eta gero beste... Ahaztu nahiko luke dena. Dena ahaztu, tristura eramangarriagoa gerta dakion, zama arinagoa suerta dakion.

Ezin du, baina.

Eta gauzak horrela, behin eta berriro datorkio Manex gogora. Manexen musu ederra. Manexen ezpain zoratzekoak. Manex konkistatzeko plan ez-perfektua, bere hogeigarren urtebetetzearen egunean gauzatu beharrekoa. Plan bat zeinak, Garazik ere bazekien hainbeste, hutsuneak izan bazituen. Alabaina, berea zen, bere ametsez eraikia.

Gurasoek sinesteko moduko gezur bat, lagun on baten konplizitatea, kondoi pare bat patrikan eta bihotza taupaka. Bai, plan bat zeukan. Ez zen perfektua. Deskuiduan ahula zen.

Baina berea zen.

Honek guztiak indartsuago egingo zaitu.

Eta arratsaldeko 8etan balkoira txalotzera atera beharrean ohean negar egitera sartu denean, Garazik pentsatu du ezen berak ez duela indartsuagoa izan nahi eta, aukeran, nahiago duela ahula izaten jarraitu.

Askoz ere zoriontsuagoa baitzen ahulagoa zenean.

Otros eventos que te pueden interesar...