Mapa web
Idiomas
Literatura Literatura

15 abril 2020 • 12:00

Idioma: euskera

Aritz Gorrotxategi, guionista, columnista y profesor Aritz Gorrotxategi, guionista, columnista y profesor

Donostia Kultura puso en marcha DK Etxean en la primavera de 2020, durante el periodo de confinamiento por la Covid-19, con el objetivo de seguir apoyando la creación cultural. Este texto forma parte de Koadernoa, programa en el que escritores/as locales crearon relatos breves para publicarlos en www.donostiakultura.eus.

Igerilaria

Egunero bezala, igerilekura joan da ariketa pixka bat egitera eta estresa uxatzera. Igerian hasten denean, gauza guztietatik urruntzea lortzen du gehienetan. Besoak eta giharrak automatikoki mugitzen zaizkio, eta neke handirik gabe irristatzen da uretan, erritmoaren hirutasun santuari jarraiki: joanekoa, biraketa eta itzulera.

Dagoeneko galdu du kontua. Ez daki zenbat metro daramatzan gaurkoan, ezta zenbat denbora daraman igerian ere. Beste biraketa bat egin berritan, zerbait bitxia antzeman du. Argi gutxiago, uraren dentsitatea lodiagoa bihurtu da, uherragoa... Kloro usaina desagertu da bat-batean. Hasiera batean ez dio garrantzirik eman. Igerilekuko arduradunak eskulabur samarrak dira, eta energia aurrezteko aitzakian, gero eta argi gutxiago erabiltzen dute. Efektu optiko bat izango dela ondorioztatu du.

Hala ere, plisti-plasta zaratatsu eta urduri bat sumatu du atzean, zenbait oihurekin nahasian. Ikastaroko ikasleak, ziurrenik. Hurrengo biraketa egin duenean, igerilekua erdi ilunpean geratu da. Ez ditu alboko kaleetako igerilariak ezberdintzen, eta plisti-plasta hotsak nabarmen egin du gora. Tupustean, zerbaiten edo norbaiten aurka jo du. Ez bat, ez bi, ez hiru... Mulkoak saldoka datoz bere norabidean, besoak eta hankak itsu-itsuan astinduz. Kalez nahastuko ziren ikastarokoak...

Burua jaso du, zer gertatzen den ikusteko, eta bere harridurarako, amaierarik gabeko lerro gris zehaztugabe bat ikusi du urrutian zabaltzen. Bera dagoen lekutik berrogeita hamar bat metrora txalupa bat dago, eta jendea hartatik jauzika. Atzera begiratzean, kostalde ezezagun bat ikusi du. Senak bultzatuta, mulko anonimoekin nahastu da kostalderako bidean. Igerian ari da, baina ez du ezer ulertzen. Orientazio bila jaso du burua berriz. Itsas-ertzean, hondar eremuaren atzean, metalezko itzal trinko eta mehatxagarri bat dago ezker-eskuin. Gaindiezina dirudi.

Otros eventos que te pueden interesar...