Mapa web
Idiomas
Literatura Literatura

24 abril 2020 • 12:00

Idioma: euskera

Beñat Sarasola, poeta y crítico literario Beñat Sarasola, poeta y crítico literario

Donostia Kultura puso en marcha DK Etxean en la primavera de 2020, durante el periodo de confinamiento por la Covid-19, con el objetivo de seguir apoyando la creación cultural. Este texto forma parte de Koadernoa, programa en el que escritores/as locales crearon relatos breves para publicarlos en www.donostiakultura.eus.

Apnea

Aleix-ek burua ur azpian murgiltzen duenean, lehena da arnas luze eta sakona egitearen betekada sentipena. Arnas-juxtu ibiltzera ohituta, birikak lehertu beharrean puztea harako hark zioena bezalakoa da, alegia, ilunpean urte luzez bizi izan denak kanporakoan argiak sortzen dion itsumena. Sartu da, bada, Aleix, kasik puntu heroiko batez, eta hasierako itolarri paradoxikoa igaro duelarik, bigarren minututik aurrera, halako barealdi bat hasi da sentitzen; tira, ez gaudek hain gaizki, luzerako izango duk eta pazientzia, hau hasi besterik ez duk egin, motel. Baretu zaio hauspoa pixka bat, hurrengo minutuak dira, ziur aski, arnasaldiko gozoenak: 5, 6, 7, 8... Akordatu da senideekin, aspaldian ikusi gabeko lagunekin, akordatu da egiteke dituen eginbehar ugariekin; izan ere, patxada da sentitzen duena minutu horietan, ur kloratuaren fereka eta bronkioen euste lasaigarria. Burua ordenatu du, piezak kokatu ditu, nola-hala, atzera. Baina hamabigarren minutuan eztanda egin behar duen burbuila suerte bat sentitu du ezker birikan, puzker moduko bat albeolo batean. Berehala jabetu da, horratx datorrenaren lehen seinalea; orain hasiko haiz hasi berriz ere ezinean, ez betetasunagatik, ezpada ezarian husten ari haizelako. Lehen ur-begia ikusi du bere aho ondotik gora. Hamaseigarren minuturako jada zalantzan da airea gehiago atxikitzeko kapaza izango den ala ez, baina luze gabe esan dio bere buruari, Aleix ez ezak hain azkar amore eman, ondo dakik, dena zagok buruan, buruak eusten duena hire meneko egongo duk, buruarenak dituk, azken batean, muga fisiko oro. Uraren kanpoaldetik entzun du, badakik Aleix, hogeigarren minuturaino eutsi behar diok, ezin duk ordura arte atera. Jakinaren gainean egongo ez balitz bezala!

Hogeigarren minuturainokoak uste baino samurragoak egin zaizkio, harrigarriki, lehenengo minutuak zakarrak egin zaizkion gisa alderantzikatu berean. Kordea galdu beharrean ia, lo-suman, ailegatu da hemeretzigarrena eta hogeigarrenera, nahiz eta ordurako badakien hogeita batgarrena ere etorri beharko dela, eta hogeita bigarrena, eta abar; ez diote kanpotik agindu behar izan ere.

Otros eventos que te pueden interesar...