Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Emakume idazleen mundu bat: Schachinger eta Minoui San Telmon

Marlen Schachinger

Osteguna, 2016(e)ko Azaroa(r)en 24-(e)an

Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, San Telmo Museoan izango dugu Emakume idazleen mundu bat, XXIX. Nazioarteko Literatura Topaketa. Marlen Shachinger-ek hitzaldia eskainiko du alemanez azaroaren 30ean (Frauke Schulz izango da moderatzailea) eta Delphine Minoui abenduaren 1ean arituko da (Luisa Etxenikeren moderaziopean). Aldibereko itzulpena egongo da eta ekitaldi biak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira.

Marlen Schachinger 1970ean jaio zen Austriako Braunau am Inn hirian. Idazlea eta literatura-irakaslea da. Literatura Konparatuko ikasketak egin zituen Vienako Unibertsitatean eta, 2012an, doktoretza eskuratu zuen Sari Bereziarekin. Estatuko zein nazioarteko hedabideetan argitaratu du. Hainbat antologia ere kaleratu ditu, adibidez Übergrenzen kontakizun-liburua (Septime, 2015). Sari eta aitortza ugari irabazi ditu, adibidez, egileentzako Vienako beka (2011), Floriana saria (literatura sustatzen duen Austriako saria, 2014) eta Mörderische Schwestern emakumezko idazleentzako beka (2015). Gainera, Narrazio Arteen Institutuaren zuzendaria da (Institut für Narrative Kunst), 2012an Vienan sortua, eta bertan idazkuntza eta literatura-harrerako tailerrak ematen ditu. Halaber, Vienako Unibertsitateko Literatura Konparatuko Saileko kidea da. Duela oso gutxi plazaratu du bere Martiniloben nobela (2016. Septime arg.) eta, bertan, gai nagusiak ihesa eta aterpea bilatzea dira.

Ekitaldiaren antolatzaileak Donostia Kultura (Liburutegi Zerbitzua), San Telmo Museoa, Foro Cultural de Austria eta Goethe Institut dira.

Delphine Minoui (1974) frantziar-irandar kazetari eta idazlea da, Ekialde Hurbilean espezializatua. 1999tik 2007ra, Frantziako prentsak Iranen izan duen emakumezko berriemaile bakarra izan da. Egun Kairon bizi da eta, bertan, Ekialde Hurbilaren berri ematen jarraitzen du Le Figaro, L'Express, Radio France eta frantsesezko prentsaren beste bitartekoetan. Argitaratutako liburuak honako hauek ditu: Jeunesse d'Iran: Les voix du changement (2001); Les Pintades à Téhéran: chroniques de la vie des iraniennes (2007), Noyud Ali-ren biografia Noyud deitzen naiz, 10 urte ditut eta dibortziatua nago (2009), Tripoliwood (2011) eta Je vous écris de Téhéran (2015).

2006an, Albert Londres Saria eskuratu zuen, Frantziako kazetaritza-sari garrantzitsuena, Iran eta Iraki buruz egindako erreportaje-sorta batengatik.

Ekitaldiaren antolatzaileak Donostia Kultura (Liburutegi Zerbitzua), San Telmo Museoa eta Institut Français dira.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu